Basque Wikimedians User Group/Reports/Wikimania 2017 Iñaki LL

SARRERA

edit

2017ko udaberrian, diruz lagundutako hiru wikilarirentzako tokia esleitu zen Euskal Wikilarien Elkartearen barruan, elkartearen ikasketa dinamikan, kanpo harremanetan eta Wikipediako hizkuntza gutxituen proiektuetan lagungarria delakoan. Hautaketa egiteko antolatutako deialdi irekian, toki horietako bat nik eskuratuta, abuztuak 11tik 13 arteko jardunaldietara bertaratu naiz. Ikus programa hemen.

Programazioan hautaketa egin behar zen askotariko saioen artean, eta euskal wikilariak banandu egin dugu gure jarduna albait saio gehienetara heltzeko. Ekitaldiak orokorrak ziren, edo talde txikiko aurkezpenak, edo mahai-inguruak, edo tailerrak. Saio ugari egoteaz gain, egun Wikimedia mugimenduan adierazgarritasun handia hartutako gaiak jorratu dira:

1.1. Alderdi teknikoak: bertan protagonista nagusia zalantzarik gabe Wikidata izan da, aurrerantzean gero eta garrantzi handiagoa izango duen plataforma.

1.2. Estrategia 2030: 2011n hasi eta 2016an nabarmen hazitako ibilbidea une garrantzitsu batera heldu da aurtengo abuztuan, eztabaiden prozesu luze baten ondoren.

1.3. GLAM eta Hezkuntza proiektuak: esperientziak eta ideia berriak.

1.4. Ahots berriak eta beste ahotsak: emakumeak, Wikipediaren erabilera urriko lurraldeak, eta hizkuntza gutxituetako proiektuak.

1.5. Ezagutza libreari eta edizioari buruzko gai eta problema orokorrak: gardentasuna, zentsura, jazarpena, giro toxikoak.

Hurrengo urtean, Wikimania 2017 Lurmutur Hirian egingo dela iragarri da, Hego Afrikan. Era horretan, hainbat afrikar wikilarik, egoera bihurrietan, egin behar duten ahalegina nabarmendu nahi izan da; izan ere, aurten Felix Nartey ghanarra izendatu dute Urteko Wikilari, Montrealean iragarrita. Afrikari protagonismoa eman nahi zaio, Mendebaldeko Wikimediaren ohiko erdiguneetatik bazter; izan ere, bisatuak eta beste eragozpen batzuk direla kausa, aurten wikilari ugari geratu dira etorri gabe, batez ere Mendebaldeaz kanpoko herrialdeetakoak. Haietako gehienei hurrengo urterako beka gordeko zaie, etorri ahal izan daitezen.

PARTAIDETZA

edit

EDIZIOKO PROBLEMATIKA OROKORRAK

edit

Ez da proiektu espezifikoetako kontua, baizik eta Wikipedian, oro har, edizioa baldintzatzen duten faktoreak, eztabaidak eta ondorio larriagoak, proiektu askori dagokiena. Sumatu da jazarpen arazoak eta giro toxikoak oso hedatuta daudela hizkuntza desberdinetako proiektuetan, zenbat lekukotza hunkigarritan ikusi ahal izan zen bezala, eta badagoela kezka bat askotariko proiektuetan.

Alde horretatik, saio desberdinetan, bi maila bereizi dira:

• Estatuko zentsura arazoak eta jazarpen handiak: Turkia, Txina, Siriako Bassel Khartabilen kasua (eraildako kultura librearen ekintzailea eta jardunaldiotan omendua); beste hainbat Wikipediatan Montrealen editatoian egin den bezala, ekintzaile horri buruzko euskarazko artikulua bukatu dut Euskal Herrira itzuli eta berehala.

• Intentsitate txikiagoko jazarpena: pertsona jakinen kontrako jazarpena (Estatu Batuetako lekukotzak), administratzaileen kontrako mehatxuak (Bulgarian, adibidez).

Askotariko saioetan, hainbat irtenbide proposatu dira, liskarrak konpontzeko moduak hobetzeko moduetatik hasi, jazarpena detektatzeko tresnetatik pasaz, eta Wikimediak zein Kapituluek gaiari buruz egin beharreko adierazpen eta ekintza irmoagoen beharretaraino, norbanakoak bakarrik gera ez daitezen.

Eztabaida eta gatazkak konpontzeko sistemei buruz, euskarazko sistema sinpleagoaz eta ingelesezko protokolizazioaz, Jonathan Curielekin luze eta zabal mintzatu nintzen. Diego Saez-Trumper WMFko ikertzaile hasi berriarekin iturriei buruzko arazoez eta jazarpenak eragozteko tresnak martxan jartzeaz jardun nuen luze eta zabal ere. Bestalde, Wikimedia Fundazioak Gardentasun Txostena 2017 ondu du, eta biltzarrean banatu (nahi duenak lasai eska diezadake kopia fisikoa), Fundazioak gaiari ematen dion garrantziaren seinale. Bertan, pribatutasunaren garrantzia nabarmendu dute behin eta berriz askatasunari etorkizunean ere eutsi ahal izango bazaio.

Balio izan du une honetan Wikipediako edizio askatasuna kaltetzen duten arazoen berri izan eta gaiaren tamainari neurria hartzeko, baita beste proiektuekin harremanak egin eta Euskal Wikilariak nazioarteko Wikipediaren eszenan kokatzeko/aurkezteko. Euskal gaiek Wikipediaren eszena orokorrean aurki ditzaketen eragozpenez hitz egin ahal izan da, adibidez, iturriak eta edizioko jazarpena. Alde horretatik, EU WPko dinamika eraikitzailea eta, konparazioan, edizio giro osasuntsua geratu da agerian.

GLAM ETA HEZKUNTZA

edit

Landutako beste arlo bat GLAM eta Hezkuntza lankidetza da. Horretarako, hainbat aurkezpen eta ekitaldi egin dira. Azken aldian, lan handia egin dute Estatu Batuetan ezagutza liburutegiko zirrikituetan gal ez dadin eta, bilaketa eta lizentziak askatzeko lan horretan, Internet Archive koek (San Francisco) balantze bat egin du haien lanaz.

Michelle van Lanschotek Herbeheretako GLAM txikiei buruzko bere esperientziaren berri eman zuen, eta orain arteko EHko esperientziarekin kontrastatzeko modua izan genuen aurkezpenaren amaieran. ES WMko Santiago Navarrok 2010etik egiten ari diren gurearen antzeko hezkuntza programan aurkitutako erronkak eta egiteko moduak kontatu zituen, tartean zela ebaluatzeko modua.

ESTRATEGIA

edit

Estrategia 2030 biltzar osoan landu den ildoa izan da. Bilkura irekiak egin dira, eta parte hartzeko modua egon da. 2017ko abuztu arte ZER landu da, eta orain etapa berri bat hasiko da, NOLA galderari erantzunez. Mugimendua komunitateekiko, herriarekiko hurbil izatearen premia nabarmendu dugu.

Aipatu diren beste gai batzuk teknologia berrikuntzaren mugak izan dira, tartean dela, adibidez, bideo formatua hobetzeko premia, baita korporazioek teknologian Wikipediarekiko beti aurrea hartzeko dituzten abantailak ere. Alde horretatik, etapa berrian ilusioa handia dela adierazi zuten batzuek, baina gutxi batzuek funtzionamendu arazoak izan direla azaldu dute, eta sinesgogorrago agertu dira. Wikimania 2017 Googlek ere diruz lagundu duela aipatu da.

WIKIDATA

edit

Wikidata izan da biltzarreko izarretako bat. Aurrerantzean, Wikidataren loturak estutu egingo dira Wikimediako beste plataformekin gero eta lokarri estuagoetakoa (Wikipediarekin, Commonsekin,…), eta Galderrek aurkeztutako txantiloi automatikoek ere hortik edaten dute.

Francophonieko wikilariek wikidata editatzeko tailer txiki bat antolatu zuten; bertan izan ziren Kvardek du, Donostian Bake-itunak wikimaratoian izandakoa, eta Vigneron bretoia. Wikidatako eskarmentua areagotzeko balio izan du, eta Frantziako wikilariekin kontaktua izateko.

HIZKUNTZA GUTXITUETAKO WIKIPEDIAK

edit

Wikimediak bere egin du dibertsitatearen defentsa. Testuinguru horretan kokatu dira hizkuntza gutxituetako proiektuen defentsa. Parte hartuz, gure burua aurkeztu ez ezik, gure ekintzaren erdigunea arlo honetan hizkuntza gutxituetako proiektuen bilkura izan da, hemen adierazi bezala. Espero dugu aurrerantzean, gurea bezalako hizkuntza gutxituek Wikimedian koordinazio eta pisu handiagoa hartuko dutela. Bilkurari segida emanez, Estonia eta Kazango ordezkariekin, Sven-Erik Suosaarn eta Farkhad Fatkullinekin solas egiteko aukera izan nuen, lankidetzak, alde bikoak zein proiektu guztienak, aurrera egiteko moduez, tartean translatoi bat. Faltan eman dugu, hala ere, Europako hizkuntza gutxituetako proiektu batzuk bertan parte hartu ez izana.

Hego Amerikako hizkuntza gutxituetako proiektuek beren ahaleginaren berri eman dute eta horietan izan gara, parte hartuz eta geure Euskal Herriko proiektuaren berri ere emanez. Komunitate oso txikiek, alfabetatu gabeek, kanpoko lankidetza baliatu dute batzuetan erronka teknologiak gainditzeko; aldi berean, hasierako etapetan proiektu horiek duten zatiketa geratu da agerian, Eddie Avilak aipatua: ortografia, estiloa, bertako iturri falta, etab.

EREMU INFORMALA

edit

Eremu informala formala bezain garrantzitsua da honelako topaketetan. Ekintza nagusien artean, bazkarietan, kafe tarteetan, eta bukaerako festan elkar ezagutzeko modua izango du wikilariok. Vigneronekin mintzatzeko modua izan nuen, bretoierazko Wikipediaz, lankidetzaz eta hizkuntza gutxituak bilduko dituen topaketa bat antolatzeko gure asmoaz. Oro har, tamalez bretorierazko Wikipedia ez dirudi oso aktibo eta sendo dabilenik.

Hizkuntza gutxituei buruzko gure deialdian, Wikitongueseko Daniel Bogrerekin harremana egiteko modua izan genuen. New Yorkeko pertsona interesgarri honek, euskarazko hitz batzuk jakin ez ezik, interesa agertu zuen ahotsen grabaketak egitearekin, eta Ahotsaken berri eman zitzaion. Pau Giner-ekin Content Translatorren aukerez eta gorabeherez hitz egiteko modua izan zen, Matxin euskarazko itzulpen automatikoa integratzeko asmoaz. Wikimaniak iraun bitartean eta geroko oporraldian, Amicaleko Lluis Madurellekin harremana estutzeko parada izan dugu. WM ESkoekin eta Victor Suarezekin ere askotariko solasak izan ditugu.

Wikicheesen kokatuta, Galderrek euskal gaztak jarri zituen, eta Sheratonen dastaketa jendetsua antolatu zen, han izan ginen gu ere. Dastaketa dokumentatu nuen, eta Wikicheesen orriko euskal gazten informazioa bete dut.

BALIOA

edit

Hiru noranzko eta probetxu izan ditu nire Wikimania 2017ko partaidetzak:

3.1. Ikasketa arloa, Wikipedia barruko zein kanpoko egungo erronketarako prestakuntza.

3.2. Lankidetza berrietarako eta etorkizuneko topaketetarako oinarriak jartzea.

3.3. Euskal Wikipedia eta EWKEren erronken berri ematea eta euskal wikilariok Wikimediaren barruan ikusgai egiten laguntzea.

COMMONSEKO ESTEKAK

edit

https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Wikimania_2017

https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Wikimania_2017_group_photograph